XM filosofia

Xinta Mintan oso argi daukagu modak ezin diola bizkarra eman berdintasunaren aldeko gizarte mugimenduari eta, horregatik, unisex arropa marka bat eskaini nahi diegu genero estereotipoak hautsi nahi dituzten familiei.

Moda jasangarria da gure filosofiaren beste ardatz nagusia; izan ere, pertsonak eta ingurumena errespetatzen eta zaintzen duen moda-kontsumo arduratsu baten alde lan egiten dugu.

Bi ideia horiek dira, hain zuzen ere, Xinta Mintaren oinarriak:

1.- Unisex moda

Aipatu bezala, unisex arropa marka bat eskaini nahi diegu beren seme-alabak berdintasunean eta genero estereotiporik gabe hezi nahi dituzten familiei.

Gure ustez, haur guztiek (mutil zein neska izan) modak eskaintzen dituen diseinu, kolore eta erosotasun berdinez gozatu beharko lukete, genero estereotipoak baztertuz eta uko eginez horrela estanpatuak, ehunak edota arropetako testuak mutil/neska eskemaren arabera bereizten dituen modaren joera tradizionalari.

Xinta Mintan ez dugu arropa diseinatzen ezta sailkatzen ere generoaren arabera. Adina da gure bildumak diseinatzeko eta sailkatzeko kontuan hartzen dugun ezaugarri bakarra.

Gure markaren ideia nagusi hori indartzeko, “Berdin du” izena daraman moda bilduma berezia kaleratu dugu.

2.- Moda jasangarria

Xinta Mintako arropa guztien ekoizpen-prozesuan ingurumena eta langileen osasuna errespetatzen dira, baita material jasangarrien erabilera eta bertako ekoizpena bultzatu ere. Moda jasangarri eta etikoaren aldeko apustu hau ekoizpen-ziklo osoan ematen da: lehengaietan, produkzioan, manufakturan, akaberetan, salmentan eta erabileran.

Jasangarritasunak bi ardatz nagusi ditu Xinta Mintan:

  • Slow fashion: gure filosofiaren oinarria.
  • Ziurtagiridun kotoi organikoa: gure produktuen elementu bereizgarria. Gure arropa guztiek GOTS (Global Organic Textile Standard) ziurtagiria dute. Ehungintzaren sektorean dagoen ziurtagiri zorrotzena da eta ingurumenarekin eta pertsonekin lotutako irizpideak ezartzen ditu: material organikoen erabilera, langileen lan-baldintza duinak errespetatzea…

* Honen harira, infografia bat prestatu dugu kotoi organikoaren eta ohiko kotoiaren arteko ezberdintasunak modu errazagoan ikusgai jartzeko. Zergatik kotoi organikoa?

Slow fashion

Xinta Mintan slow fashion filosofia jarraitzen dugu. Gizartearen erantzukizuna oinarri hartuta, mugimendu hau industrializatutako modari aurre egiteko eta ingurumena errespetatzen duen moda-kontsumo arduratsua bultzatzeko jaio zen.

Zer eragin du horrek guztiak gure markan? Bada, adibide bat jartzearren, gure bildumak atenporalak dira eta salgai mantentzen ditugu eskaria dagoen bitartean. Gainera, oversize diseinuekin eta oso patroi konbinagarriekin lan egiten dugunez, umeen arropak urtetik urtera aprobetxatu ditzakezue. Hartara, ez dugu jarraitzen fast fashion industriako enpresek erabiltzen duten “denboraldiko bildumen” eredua, erosi eta aste gutxiren ostean baztertzeko egiten den moda, alegia.

Gure filosofia hau abiapuntutzat hartuta, diseinu gehiago egiten joango gara, bilduma berriak sortuz eta sustapen propioak ere martxan jarriz, bezeroei gugan jarritako konfiantza eskertzeko.

Ziurtagiridun kotoi organikoa

Ziurtagiridun kotoi organikoa da gure funtsezko lehengaia. Horri esker, pertsonekin eta ingurumenarekin erabateko arduraz eta errespetuz jokatzen duen marka baten aurrean zaudetela bermatzen dizuegu.

Gure arropa guztiak erakunde independenteen ziurtapena duen kotoi organikoz eginda daude eta, modu honetan, ekoizpen prozesuaren trazabilitatea bermatuta dago. Hain zuzen ere, GOTS (Global Organic Textile Standard) kotoi-ziurtagiria erabiltzen dugu, ehungintzaren sektoreak ezartzen duen zorrotzena.

Gainera, GOTS ziurtapenaren baitan, Xinta Mintan “1. maila organikoa” etiketa erabiltzen dugu. Honek bermatu egiten du gure arropetako zuntzen %95 gutxienez organikoak direla.

Are gehiago, GOTS arauak hain zorrotza ez den 2. mailako etiketa bat jasotzen du: “Zuntz organikoz egindakoa” izenekoa; kasu honetan, ordea, ziurtagiridun zuntz organikoen gutxieneko portzentaia %70ekoa da (soilik).

Xinta Mintan, beraz, GOTS ziurtagiriaren “1. maila organikoa” etiketa aukeratu dugu, kotoi organikorik onena eskaintzen dugula ziurtatzeko. Horri esker, gure ehun-gaietan fidagarritasunik handiena bermatzen dugu, izan ere, gure arropa guztiek mundu mailako ehungintza organikorako araudiak jasotzen duen ziurtapen zorrotzena dute.

GOTS ziurtagiria lortzeko, oso baldintza zorrotzak bete behar dira, besteak beste, fibra organikoa ekoizteko betekizunak, ingurumenarekin lotutako baldintzak, pertsonekin lotutako gutxienezko irizpideak (lan-baldintzak) eta kalitatea bermatzen duten zenbait parametro. Hartara, amaierako produktu batek ziurtapen hau jaso ahal izateko GOTS-en segurtatze-sistematik pasatu beharko du ekoizpen prozesuan (uzta ondorengo erabilera), manufakturan (jantzigintza, paketatzea eta etiketatzea), eta merkaturetzean (inportatzaile, esportatzaile eta handizkariak).

Azkenik, Xinta Mintan serigrafia bidezko estanpazioa egiteko erabiltzen ditugun produktuek ere ingurumena zaintzeko araudia betetzen dute eta, kasu honetan ere, ziurtatuta dago ez dutela osasunarentzat kaltegarriak diren substantziarik. Hain zuzen ere, produktu horiek guztiek Oeko-tex® Standard 100 ziurtagiria dute.